XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gabrielle, aldiz, Marapoli ziutaterantza itzultzen zen, bakarrik eta noragabetu samarturik.

Baldin eta une hartan Gabrielle Noeren istorio hartaz oroitu izan balitz, Noek lur bila bidalitako usoari eskaini zion besoa, berarentzat Samuelena izan zitekeela pentsatuko zukeen.

Baina gizonak ordurako iraganik zukeen ekaitza eta Afrikako Ruzaiden izango zuen jada helmuga...

Umeei, euri bortitza delarik eta ikara ez daitezen, aingeruak txiza egiten ari direla esaten zaie; alabaina Gabriellek bazekien arrats behera hartan aingeruak ere malkotan urtzen ari zirela, eta beren perla penatu haiek zirela parabrisak, zapi batek halatsu, aldeetara baztertzen eta xukatzen zituenak.

Taxia oroipen burbuila bat bailitzan, akaberan Samuel agurtzera joatea erabaki zuela gogoratzen zuen, Elizabethek haren bidaiaren berri eman zionetik ezin izan zuela hura inondik ere gogotik baztertu.

Eta tristeziaz gogoratzen zuen agurra, dagoeneko denborale udatiar hari erreparatzen ez ziola.

Bera han ikustean Samuelek erakutsitako poza zuen gogoan, eta zein besarkada amultsua eskaini zion, eta zein babesgarri egin zitzaion haren musuen xuxurla.

Halarik ere, Nahiago izan dut horrela, Samuel esan ziola oroitzen zuen, Baina zu azkeneko aldiz ikusiko zaitudalako etorri naiz, ziurtasun hori izan ez banu ez nintzatekeen zugana etorriko....

Bien bitartean tximistek gauaren tunel beltza zeharkatzen zuten, eta kanpoko euri jasaz ohartu ere ez zen egiten Gabrielle.